Harrotasuna

2026ko Justizia Sozialaren Mundu Eguneko adierazpena, Euskal Herritik (2026-02-20)

Gaur egun bizi dugun bidegurutze politiko eta ideologikoan, eskuin muturrak eta ideologia kontserbadoreek gero eta itoago dute justizia sozialaren kontzeptua. Politika neoliberal globalek kolonizazio-historia sakon batean dute oinarria, eta arrazismoa, estaturik gabeko nazio- identitateen eta hizkuntza gutxiagotuen zapalkuntza, klasismoa, sexismoa, LGTBIQ+fobia, kapazitismoa eta, oro har, mota guztietako intolerantziak betikotzen dituzte, betiere ideologia fundamentalista modernoek, elite ekonomikoaren esku dauden teknologia berriek eta diskriminazio-forma berriek hauspotuta.

Eskuineko neoliberalismo horrek merkatuaren esku ikusezina lehenesten du, eta estatuen erregulazio-ahalmena mugatzen saiatzen da. Sistema kapitalista honetan, haien interesetarako kapitala pilatzea da beren helburu nagusia, bereziki sistemak berak sortzen dituen kolektibo zaurgarrienak zapalduz, esklabizatuz eta produkziorako ustiatuz. Kapitalismoak eta neoliberalismoak giza duintasuna merkantilizatzen dute, aberatsen interesak eta boterea herritarren eskubideen gainetik jarrita.

Euskal Herrian, herri mugimenduko hainbat talde ekintzaileren jardunaren oinarrian dago sistemak azpiratzen dituen kolektiboen eskubideak aldarrikatzea eta zapalkuntzon jatorria bistaraztea. Intersekzionalitatearen lanketak erakutsi digupairatzen ditugun zapalkuntzek jatorri berbera dutela, baina gizartean modu desberdinetan materializatzen direla xede duten giza talde edo kolektiboaren arabera. Horrenbestez, zapalkuntzak ez ditugu modu isolatuan ulertu behar, baizik eta sistema horrek eragiten duen azpiratze poliedrikoaren aurpegi desberdin gisa.

Ikuspegi horretatik, manifestu honen sinatzaileok sistema politiko, ekonomiko eta juridikoak, oro har —baina, bereziki, kolektibo zaurgarrienengan— eragiten dituen azpiratze eta zapalkuntzen salaketa batera jorratzeko eta denontzat justizia soziala exijitzeko konpromiso osoa hartzen dugu. Euskal herritar guztion zeregina eta ardura da botere ekonomiko globalen eta tokikoen aurrean ahots kolektibo eta antolatu bat osatzea:

–          Baliabiderik ez dutenen gutxieneko bizi-baldintzak berma daitezen.

–          Pertsona migratuen eskubideak aitor daitezen.

–          Emakumeen* ahotsa entzun dadin.

–          Pertsona transmaribibolloen aldarrikapenak gauzatu daitezen.

–          Sexu, genero eta sexualitate-disidentziak aske bizi ditzagun.

–          Krisi ekosozialean eta denon bizi kalitatean arreta jar dadin.

–          Euskaldunon hizkuntza-eskubideak defenda daitezen.

–          Desgaitasun-egoeran dauden pertsonen autonomia, duintasuna, eta guztiok zainduak izateko eskubidea susta dadin.

–          Errepresio politikorik gabe bizi gaitezen.

Eta, oro har, kolektibitateak zein pertsonak askeak izan gaitezen.

Orobat, sistema errotik aldatu behar dela uste duten elkarte eta norbanako guztiei ere luzatu nahi diegu injustiziaren kontra borrokatzeko eta mobilizatzeko gonbita, garrantzia diskurtsoetan eta sistemaren egitura-arazoetan jarriz, eta ezhainbeste pertsona edo identitate jakin batzuetan. Identitate guztiek dute lekua injustiziaren kontrako borrokan eta agerian jarri behar dira identitate zapalduak; era berean, sistemaren kontrako borrokak unibertsala behar du izan, gizarteko esplotazio-, menderakuntza- eta zapalkuntza-fenomenoei buruzko analisi kritiko bateratu eta intersekzionala eginez. Osterantzean, ez dugu justizia sozialean oinarritutako Euskal Herri askea eraikitzerik lortuko.

Elkartasuna ez da hitz polit bat soilik; praktika bat da, eguneroko erresistentziaz eta elkar zaintzaz osatua. Horregatik, etorkizuneko Euskal Herri librea eraikitzeko, ezinbestekoa da gizarte eraldaketarako bidean askotariko borroka askatzaileetan ardaztutako mugimenduak eta norbanakoak batera aritzea, ez inoren gainetik, baizik eta elkarren ondoan joanez. Euskal Herria herri bizia, anitza eta justua izango da —eta euskara izango da bere bihotz-taupada—, edo ezda izango.