Izan zaitez lumatxo! #BeLumaMyFriend
Askotan esaten da Gasteizen ez dela ezer gertatzen (geuk ere esaten dugu eta), hiri grisa dela,… Atzera begiratzen dugunean, ordea, konturatzen gara justu kontrakoaz: hemen ere gertatu egiten direla gauzak. Gogoan izan, bestela, orain dela urtebete aurkeztu genuen dokumentala; gure ustez oso modu egokian azaltzen zen bertan azkenengo 25 urteetan gure hiriko mugimendu transbollomarikak egin duen ibilbidea, norabide egokian zein bidezidor okerretatik egindako ibilbidea hain zuzen ere.
Stonewalleko Matxinadaren mende erdia ospatu berri dugu, baita zenbaitetan euskal Stonewall deitua izan denaren urtemuga ere, hau da, Errenterian Francisen erailketaren ondoren Euskal Herriko LGTBI+ mugimendua piztu zeneko 40. urtemuga. Mugarriz beteriko urtea izan da 2019a; aipatutakoez gain, gure ustez badago azpimarratu behar dugun beste bat: Ikusgune, homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren aurkako Gasteizko Behatokiaren sorrera, 2017an egindako diagnostikoan jasotzen zen bezala, hiriko LGTBI+ lagunek zein Lumagorrik berak azken urteotan egindako eskariei erantzuna ematen diena.
Eskari horren eta beste batzuen inguruan Gasteizko udaleko alkategaiek eztabaidatu ahal izan zuten maiatzeko udal hauteskundeetako kanpainaren baitan Lumagorrik antolatutako mahai-inguruan; bertan PP, EHBildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos taldeetako ordezkariek LGTBI+ kolektiboarekiko dituzten asmoak eta proposamenak azaltzeko aukera izan zuten.
Igaro berri den urtean Gasteizko LGTBI+ kolektiboa eta euskararen artean gaur egun dagoen berezko harreman estua aldarrikatzeko lan-ildoa ere abian jarri dugu: lagun askeen arteko harreman askez eraikitako gizartearen desira gure ametsetan agertzen den egunetan, zergatia jakin gabe, gure ametsak euskaraz baino ez dira izaten. 2019an zehar, besteak beste, Korrikan lehen Kilometro Trabestia antolatu genuen eta LGTBI+ Mintzalaguna taldea martxan jarri genuen.
Haserre gaude, baina pozik ere bai. Horrelaxe egin dugu lan azken urte honetan. Eta halaxe, hain zuzen, amaitu nahi izan genuen 2019a: aparteko ekitaldi politiko-dibertigarri batekin. Ehundaka lagun bildu ginen abenduaren bukaeran Bob Pop, Irantzu Varela, Aitziber Perez de Karkamo eta Yogurinha Borovarekin genuen hitzorduan eta Kubik aretoak gainezka egin zuen. Lumagorrirentzat beste mugarria izan zen; barre egin genuen bitartean gure buruaren ahalduntzea ere sakondu genuen. Nolabait, pilula modukoa izan zen guretzat, beheak eta goiak irensten jarraitzeko pilula hain justu ere.
Hemendik aurrerako lanak, beraz, azken garaiko esperientzien segida izan behar du. Bide zuzena hartua dugula argi dugu; norabide egokian gabiltzan heinean beste mugimendu batzuekin elkartasuna eta aliantzak sortzen eta sakontzen jarraituko dugu; bidezidor okerretatik ere bidea egiten jarraituko dugu, hala nola, zisheteropatriarkatua zirikatzen ala moralitatea eta araua xaxatzen, azken finean, hiri hau momentu bakoitzean sudur-puntan jartzen zaigun koloreaz margotzen. Guzti honengatik lumatxo izatera gonbidatu nahi zaitugu, hots, gure bidelagun izatera. Beraz, bidean aurrera lagundu nahi badiguzu, hiru hilabetean behin 15€, 25€, 40€ edo 60€-ko ekarpena egiteko engaiamendua hartzea eskatzen dizugu. Horretarako, beheko botoian klik egitean kargatuko den orrialdeko informazioa irakurri eta aurkituko duzun formularioa zure datuekin bete beharko duzu. Izena ematean lumatxoontzat espresuki diseinatutako kamiseta jasoko duzu ongietorri-opari gisa.
Eskerrik asko zure esku-hartzea, zure maitasuna
eta zisheteroarauaren aurkako borrokan zure ekarpenagatik!
Kalean elkartuko gara!