Añanako Gatz Haranak LGTB pertsonen merkantilizazioari ekin dio
Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak eta Fundazioaren Patronatuko lehendakariordeak iragarri du prentsa-ohar batean. Iragarritako ekimena errezeloz ikusten dugu, jarraian arrazoiak:
1. “LGTB espazio libre eta tolerantea eta genero-indarkeriaren aurkakoa”. Horrela deskribatzen du diputatuak, ez gara sartuko “LGTB espazio askea” terminoaren polisemia tranpatian, tolerantzia hitzera mugatuko gara.
Tolerantzia-eskaerak heterosexualitatearen eta hortik sortzen den arauaren nagusitasuna onartzen duen ikuspegia dauka, eta, beraz, arautik kanpo geratzen diren desioak, praktikak eta bizimoduak “bestea” bezala, ezberdina dena hautematzen dira. LGTB pertsonok, sigla horiek biltzen dituzten errealitateen zabaltasuna eta aniztasun osoarekin, ez dugu gure existentziaren inguruko baimena eskatzen ari, erabat diskriminatzailea den sistema batean onartuak izan gaitezen; Guk arauan kokatzen diren identitateak, desioak eta praktikak zalantzan jartzen ditugu
bizi eta erlazionatzeko moduak aldatzeko determinazioarekin. Azken batean, LGTB pertsonekiko tolerantzia jarrera hegemoniko batetik baino ezin da ulertu, kuestionatu ezin daitekena eta arauan sartzen ez direnen pertsonen errealitatea iraunarazi nahi dituena.
2. “Askatasun, berdintasun eta genero-indarkeriaren aurkako balioak urte osoan zehar hobeto ikustaraztea esan nahi du, gizartean LGTB kolektiboaren elkarbizitzaren normaltasun legitimoa aitortzeko nolabaiteko erresistentzia dago” zenbaiten ustez, ikusgarritasuna intsignia bat leku estrategiko batean jartzea da, banku bat edo zebrabide bat margotzea, eta horrekin bere bizitzako karitatezko eta elkartasunezko lan handia egitea. Arabako Foru Aldundian LGTB politikarik ez egoteari buruz hitz egin nahi dugu; hori eraldatzailea izango litzateke LGTB kolektiboekin lankidetzan egingo balitz, konpromiso politikoarekin eta baliabideekin; hala ere, Arabako Foru Aldundian, badirudi LGTB politikak kartel edo tweet batera mugatzen direla.
LGTB kolektiboak ez du normala izan nahi; izan ere, normala da hegemonikoa eta minorizatzailea dena, eta LGTB pertsonek ez dugu normalak izan nahi, normaltasun hori zalantzan jarri eta hautsi baizik. Hori dela eta, LGTB pertsonen normaltasuna aipatzea ez dator bat LGTB mugimendua lantzen ari denarekin, eta kolektibo horrekiko ezagutzarik eta sentsibilitaterik eza erakusten du.
- “Kolektibo ahul bateko edozein pertsona ongietorria da eta eroso senti daiteke munduko gatz bakarraren paisaia honetan”, adierazi du diputatuak, baina ez du aipatzen LGTB pertsonok jasaten ditugun zapalkuntzen intersekzionalitatea. Ezin da zalantzan jarri ekimenaren bokazioa pertsona oro ongietorria izatea denik, eta laudagarria da, baina LGTB pertsonok, LGTB izateaz gain, beste zapalkuntza-ardatz batzuek zeharkatzen gaituzte, hala nola klase soziala, jatorria, aniztasun funtzionala eta abar. Hau da, ezin dugu LGTB pertsonak kolektibo kaltebera gisa modu estankoan ulertu, baizik eta arauarekiko disidenteak diren pertsonak pairatzen dituzten ahultasun anitzak kontutan eukiz. Adibide bat jartzearren, ez da berdina gay zuri bat, bere auto partikularrean gatzagak bisitatzera doan enpresaburua, edo, emakume trans bat, migratua, lan-mundutik kanporatua eta baliabiderik gabea; izan ere, berarentzat turismoa luxua da.
4. Kartela erabat ikusezina da, egia da ortzadarraren bandera jarrita dagoela, baina ez dago kolektibo hori ikusaraziko duen berariazko aipamenik; bide batez esanda, ortzadarra ez da LGTB siglek biltzen duten aniztasun guztiaren adierazgarri.
5. Aipatutako ekimenak LGTB pertsonen turismoa erakartzeko helburua dauka, interes ekonomiko hutsagatik. Ikuspegi horretatik LGTB siglak aipatzen direnean, gehien bat gay siglaz ari dira, beste disidentzia sexo-generikoak ikusezin bihurtuz. Aldundiaren konpromisoen artean ez dakigu ezer kontratazio-konpromisoei buruz, adibidez, hau da, ba al dago lan-eskaintzetan trans pertsonen inklusioa bultzatzeko interesik? Ba al dago eta aplikatzen al da LGTBI+fobia jazarpenaren aurkako protokolorik? Langileekiko akordio eta hitzarmenetan ikuspegi ez-heterozentratua mantentzen da? Kontuan hartzen al da familia-antolaketa tradizionalaren kontzeptua ez dela bizitzeko modu bakarra?
Zentzu horretan egiten diren ekimen bakarrak turismoaren arlotik datozenean eta erakunde osoan zeharka eraldatzeko bokazioa hutsik geratzen denean, hizpide duguna ez da LGTB pertsonekiko ekimen atseginak izatea, baizik eta kolektibo hori merkatu-hobi gisa ikustea, haien aldarrikapenak mespretxatuz eta zoologiko bat balitz bezala tratatuz. Gogoan izan behar da duela urtebete Euskal Herriko LGTB kolektibo gehienok, 160 mugimendu sozial eta sindikal baino gehiagoren babesarekin, horrelako operazio merkantilistak baztertu genituela. LGTB mugimendua ez da salgai dagoen mugimendua.
Amaitzeko, ezin dugu guretzat LGTB (Lesbianak, Gayak, transak eta bisexualak) siglak zer diren azaltzeko aukera galdu. Sigla hoiek helburuak lortzeko hurbilketa politiko gisara erabiliko ditugu, eta sexu-orientazioagatiko, identitateagatiko eta genero-adierazpenagatiko zapalkuntza eta diskriminazioa salatzeko baliogarriak izan daitekezkeelako, baina ez askotariko pertsona-talde konplexu baten irudikapen gisa; izan ere, diogun bezala, sigla horiek ez dute islatzen dibertsitatearen dimentsioa eta barnean hartzen dituzten errealitateen konplexutasuna.