Lumagorri

Kamixetak, kamixetak…

Urteak joan, urteak etorri eta helburu zehatzik gabe bildutako kartel, panfleto, txapa, argazki edo aldizkari eta egunkari-zatiei erreparatuta, LGTB+ borroken historia laburbiltzen duten artxiboak sortzen joan gara.

Hala ere, aktibismoa ñabardura guztietan biltzea zaila da. Badago ia ohartu gabe sortutako artxibo horietan apenas dagoen objektua, kamiseta hain zuzen ere. Mota askotariko irudi, lelo, logo edota esaldiak erakusten dituzten kamisetak ere izan dira, eta badira, gure borroken lekuko zuzenak. Urteetan zehar izandako borrokak eta erabilitako borroka-moldeak gogoratzen edo ezagutzen lagun diezagukete zuetako askok inoiz jantzi dituzuen kamisetek, ganbaran arropa gehiagorekin kutxa batean edo armairuan jantzi guztien atzean sakon-sakon dituzuen kamiseta zahar eta higatu horiek edota duela gutxi erosi edo zuek zeuek diseinatu dituzuen kamiseta berri eta dotore horiek.

Zure auzo edo herriko LGTB+ taldeak haren kanpaina edo ekitaldiren bat zabaltzeko sortu zituen, atzerriko LGTB+ kolektibo baten webgunean erosi zenuten edo LGTB+ borroka baten mezua besterik ez dituen kamiseten laginak guztion artean biltzea proposatzen dizugu. Modu honetan kamiseten artxiboa osatzen hasiko gara, aurrerago gure gorputzek adierazten dutena ikusgai jartzen duen webgune edo erakusketa eratzeko asmoarekin.

Beraz, kami transbollobimari bat baduzu eta ekimen honetan parte hartu nahi baduzu, laua den leku batean ondo zabaldu edo zure gorputz xarmant horretan jantzi eta… egin argazkia! Eta, azkenik, bidali argazkia webgune honetako Kontaktua ataleko formularioaren bidez!

Argazkia egiteko momentuan hiru konturi arreta jartzea bihotz-bihotzetik eskertuko genizueke, hain zuzen, argazkiak orientazio bertikala, argiztapen egokia eta ahalik eta kalitate/bereizmen/neurri handiena izateari.

Kamisetaren argazkia bidaltzean, esan iezaguzu noiz eta non eskuratu zenuen, nork edo zein taldek diseinatu zuen, eta, LGTB+ talde baten kanpaina bati lotuta bazegoen, zeini. Noizbait kamiseta soinean zenuela gertakari aipagarririk edo kamisetari lotutako anekdotarik izatekotan ere, kontatu iezaguzu, arren!

Soilik LGTB+ borrokei lotutako beste kamiseten artxiboren berririk ez dugu. Ezagutzen dugun bakarra orotariko borroken gainekoa da, nazioarteko egunen gainekoa hain zuzen.