Gasteizko LGTBI+ Behatokia

Ikusgunek 30 intzidentzia LGTBI+fobiko erregistratu ditu 2025eko urteko txostenean

Gaur, Ikusgunek Arabako Sexu Orientazio eta Genero Identitateagatiko intzidentzien IX. Txostena aurkeztu du. Aurreko urteetan bezala, txostenak Araban dagoen LGTBI+fobiaren egoera jasotzen du, baita behatokiak indarkeria horien detekzioan, akonpainamenduan eta salaketan egindako lana ere.

2025ean zehar, Ikusgunek guztira 30 intzidentzia LGTBI+fobiko erregistratu ditu, kasuak baliozkotzeko prozesu zorrotz baten ondoren. Azken urteetako goranzko joerari eusten dion kopuru hori ezin da soilik indarkeriaren hazkunde gisa ulertu; detekzio tresnen sendotzearen eta ehun sozialak egindako lan iraunkorraren emaitza ere bada. Hala ere, argi erakusten du LGTBI+fobia gure egunerokotasunean errealitate bat izaten jarraitzen duela, eta erantzun sendo eta egiturazkoak behar dituela.

LGTBI+fobia motari erreparatuz, homofobiak indarkeria mota ohikoena izaten jarraitzen du, 12 kasurekin; ondoren transfobiak jarraitzen dio, 10 intzidentziarekin. Horiez gain, 4 lesbofobia kasu izan dira —orain arteko kopururik handiena—, baita enebefobia kasu 1, bifobia kasu 1 eta LGTBI+fobiaren 2 kasu orokor ere.

Intzidentzien tipologiari dagokionez, gorroto diskurtsoak zentroan kokatzen dira berriro ere, 11 kasurekin, horrek berresten du beste indarkeria mota batzuen oinarri eta legitimazio gisa duten papera. Ondoren erasoak datoz, 9 kasurekin —azken urteetako kopururik handiena—, baita 6 irain edo laidoketa eta 4 diskriminazio egoera ere. Datu horiek indartzen dute gorrotoa ez dela fenomeno isolatu bat, baizik eta indarkeria zehatzetan gauzatzen den mekanismo bat.

Eremuei dagokienez, espazio publikoa intzidentzien agertoki nagusia izaten jarraitzen du, 9 kasurekin. Ondoren datoz familia edo etxebizitza eremua (4) eta instituzioak (4), baita beste espazio batzuk ere, hala nola sare sozialak, hezkuntza zentroak eta lan eremua, guztiak 3 intzidentziarekin espazio bakoitzeko. Datu horiek agerian uzten dute LGTBI+fobiak bizitza sozialeko espazio guztiak zeharkatzen dituela, segurtasuna eta eskubideak bermatu beharko lituzketenak barne.

Ohikoenak diren hiru eremuek —espazio publikoa, familia ingurunea eta instituzioak— erakusten dute indarkeria horiek ez direla soilik testuinguru ikusgarrietan gertatzen, baita eguneroko eta egiturazko espazioetan ere, haien izaera sistemikoa indartuz.

Atzera begiratuz, azken urteetako analisiak hiru ondorio nagusi azpimarratzeko aukera eman dute. Alde batetik, LGTBI+fobiaren presentziaren iraunkortu da, bereziki homofobia eta transfobia kasuetan igarri daiteke. Bestetik, ikus daiteke nola gorroto diskurtsoen kasuen intentsitate maila handitzen den, azkenean eraso fisiko bihurtzeraino; horrela, agerian geratzen da intentsitate handiagoko intzidentzietan amaitzen diren indarkeria kasuak indarkeriaren bilakaera prozesu baten emaitza direla. Azkenik, erregistroen hazkunde progresiboak behatokiaren lanaren ikusgarritasun handiagoa erakusten du, baita komunitate sareen eta indarkeria horiek identifikatu eta salatzeko gaitasun kolektiboaren sendotzea ere.

2025eko txostenak, gainera, bi kolaborazio izan ditu  analisirako  funtsezko gakoak emanez. Alde batetik, Deva Mar Escuderok (Pikara Magazine) “Un Paseo con Charo” testua sinatzen du; bertan, emakumeek eta disidentziek eguneroko bizitzan pairatzen dituzten indarkeriei buruz hausnartzen du. Bestetik, Klaudia Ugartek “Ciber-patriarcado y políticas del mainstream” aurkezten du, sare sozialek gorroto diskurtsoen eta dinamika zisheteropatriarkalen erreprodukzioan eta hedapenean duten paperari buruzko analisia.

Testuinguru honetan, Ikusgunek azpimarratzen du premiazkoa dela politika publikoak eta sare feministak zein komunitarioak indartzea, LGTBI+fobiari aurre egiteko. Fenomeno residual bat izatetik urrun, indarkeria horiek egiturazko sistema baten parte dira, eta erantzun kolektibo, iraunkor eta irmoak behar dituzte. Gorrotoaren aurrean, ezinbestekoa da pertsona guztientzako bizitza duinak bermatuko dituzten sareak eta estrategiak eraikitzen jarraitzea.

Txostena osorik