Osakidetzak pertsona transak patologizatzen jarraitzen du
Loratuz Lotu, Naizen eta Lumagorri HAT kolektiboek Osakidetzak pertsona transak psikiatriatik igarotzera behartzen jarraitzen duela jakin dugu.
Euskadiko Pertsona Transentzako Arreta Integralaren Osasun Gida berriak despatologizazioa ezartzen du bere helburuetako bat bezala, eta psikiatriatik derrigorrez igarotzea behin betiko kentzea jasotzen du. Hori 2024an Eusko Legebiltzarrak onartutako legean ere berretsi zen, zeinak gida berritzeko beharra ere jasotzen zuen.
Despatologizazioa ez betetzeaz gain, deszentralizazioa oraindik ez da errealitate bihurtu, eta pertsona trans askok itxaron-zerrendak pairatzen jarraitzen dituzte; zenbait kasutan, sei urtekoak.
Aurretik ere, Eusko Legebiltzarrak onartutako ekainaren 27ko 9/2019 Legeak identitate transen despatologizazioa jasotzen zuen. Haren 3. artikuluak honela dio:
“Transexualitate-nozioak erreferentzia egiten dio egoera bati zeinean pertsona bati jaiotzean jarri zitzaion sexua ez datorren bat sentitzen duen eta berea dela badakien sexuarekin. Transexualitatea, beraz, modu bakarrean jakin daiteke: libreki adierazten duen pertsona entzunda. Eta, sexu-identitatea bezalaxe, ezin da diagnostikatu. Ez da gaixotasuna, ez desoreka, ez anomalia bat, giza aniztasunaren parte baizik.”
Hau da, trans identitateen despatologizazioa lege da Euskadin 2019tik.
Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari gida eta indarrean dagoen legea berehala aplikatzen has daitezela eskatzen diegu. Pertsona transak psikiatriatik derrigorrez igarotzea berehala amaitu eta deszentralizazioa martxan jarri behar da.
Maiatzaren 17 honetan instituzioak banderez eta adierazpen instituzionalez beteko diren bitartean, kolektibook gure eskubideekin eta duintasunarekin benetako konpromisoa eskatzen dugu.

