Gasteizko LGTBI+ BehatokiaLumagorri

Ikusgune, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokia martxan jarri da online salatzeko aukera ematen duen web gune batekin.

Maiatzean sinatu zen LGTBI+fobiaren aurkako tokiko behatokia martxan jartzeko Lumagorri eta Gasteizko udaletxearen arteko hitzarmena. Geroztik protokoloak eratzen eta berritzen eta baliabide berriak sortzen ibili gara.

12 urte pasa dira Gasteizko LGTBI+ mugimenduak erasoen berri izateko telefono bat martxan jarri zuenetik, azkenengo urteetan telefonoari beste bultzada bat eman genion eta jasotzen genituen gertakariak zenbatu eta plazaratzen hasi ginen Udaletxeko Berdintasun zerbitzuarekin elkarlanean.

Guztira 15 eraso LGTBI+fobikoen berri izan genituen 2017ko maiatzetik 2018 apirila bitartean, beste 13 gertakari jaso genituen 2018 maiatzetik 2019ko apirila bitartean eta geroztik 16 izan dira gaur arte jaso ditugun erasoak, 8 hilabetetan gainditu egin dugu 2017ko datuak.

Maiatzean sinatutako hitzarmenak gaiari baliabide gehiagorekin eustea posible egin du, batzuetan erasoak erregistratu eta hauek jaso dituzten pertsonak lagundu egin ditugu, besteetan erasoei aurre egiteko ahalduntzeari ekin diogu edota informazioa banatzeari. Ondorioz, LGTBI+ kolektiboak behatokiaren berri izan eta guregana hurbiltzen da.

Zoritxarrez, ultraeskuinak izaten ari duen ohiartzun eta zilegitasunak badu Gasteizko kaleetan ere eragina, hori ere jasota geratzen da aipatu ditugun azkenengo 16 kasu hoietan.

Gaurkoan, bide honi eusten dion beste bitarteko bat aurkezten dizuegu, www.ikusgune.eus web gunea, bertan eraso LGTBI+fobiko baten aurrean zer egin azaldu eta salaketa online jartzeko aukera zabaltzen dugu, noski, ez da salaketa judiziala izango, baizik eta gertakaria erregistratu, aztertu eta eragiteko aukerak aztertzeko balioko digu, baita gure babes eta laguntza izateko bitartekoa izango da. Web guneak Gasteizko udaletxeko Bizikidetza eta Aniztasuna zerbitzuak lagunduta izan da.

Ikusgune izan da Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiarentzat aukeratu dugun izena. Garrantzitsuak diren bi hitz elkartu ditugu izen honetan, Ikus, ikusteko gaudelako hemen, LGTBI+ herritarren bazterketak ikusi eta salatzeko gaude, eta horretarako ortzadarraren betaurrekoak jantzi beharko ditugu kaleetan, lantokietan, aisialdian… eta hainbat eremutan ematen diren bazterketak ikusi eta ikustarazteko. Gune, Gasteizko LGTBI+ herritarren gune bat sortzea helburuetako bat delako, gune birtuala eta gune fisikoa, interneten zein kaleetan eragina izango duena. Gertakari LGTBI+fobikoak jaso eta hiriari proposamenak egiteko aukera emango diguna, izan ere, gure helburua guztiontzako hiri bat gauzatzea delako.