#BeLumaMyFriend Izan zaitez lumatxo
Askotan esaten da Gasteizen ez dela ezer gertatzen (geuk ere esaten dugu eta), hiri grisa dela… Atzera begiratzen dugunean, ordea, konturatzen gara justu kontrakoaz: hemen ere gertatu egiten direla gauzak. Gogoratu, bestela, orain dela urte bete aurkeztu genuen dokumentalaz, non saiatzen baitzen (nahiko modu egokian, gure ustez) gure hirian orain dela 25 urte izandako mugimendu transbollomarika azaltzen. Bada, bide hori norabide egokian egin dugu, bidezidor okerretatik egin ere.
Stonewalleko matxinadaren mende erdia ospatu berri dugu, baita zenbaitetan euskal Stonewall deitua izan denaren 40. urtemuga ere, hau da, Errenterian Francisen erailketaren ondoren Euskal Herrian LGTBI+ mugimendua piztu zeneko urtemuga. Gainera, mugarrien urte honetan, beste bat ere lortu dugu: Ikusgune sortzea, Homofobiaren, lesbofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako Gasteizko Behatokia, 2017an egindako diagnostikoan jasotzen den bezala, hiriko LGTBI+ jendearen eskariari erantzuten diona, baita Lumagorritik azken urteotan egindako eskaerari ere.
Eskari horren eta beste batzuen inguruan Gasteizko Udaleko Alkatetzarako hautagaiek eztabaidatu ahal izan zituzten maiatzeko udal-hauteskundeetako kanpainaren baitan, non PP, EH-Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos taldetako ordezkariek gure kolektiboarekiko dituzten asmoak eta proposamenak azaltzeko aukera izan zuten.
Azken urte honetan ere LGTBI+ kolektiboa euskalduna izatearen aldeko lan-ildo bat aktibatu ahal izan dugu, gure harremanak, askatasunean ez ezik, euskaraz ere eraiki nahi ditugulako. Horrela, Korrikaren lehen kilometroa antolatzera animatu ginen, edo Mintzalaguna LGTBI izeneko Mintzalaguna ere bai, dagoeneko martxan dagoena.
Haserre gaude, baina pozik. Horrelaxe egin dugu lan azken urte honetan. Eta halaxe, hain zuzen, amaitu nahi izan genuen 2019a, ekitaldi politikoki apartekoa eta formatuaren aldetik dibertigarria eginez. Eta Kubik aretoa bete genuen, Bob Pop, Irantzu Varela, Aitziber Perez de Karkamo eta Yogurinha Borovaren partaidetzarekin. Lumagorrirentzat beste mugarri bat izan zen: barre egin genuen, geure burua ahaldundu genuen; nolabait, pilula moduko bat izan zen guretzat, mundua jaten jarraitzeko moduko pilula…
Orain aurrera jarraitu behar dugu zisheteropatriarkatuaren begian sartzen den hatza izaten, eta beste mugimendu batzuekin aliantzak sortzen, eta hiri hau kasu bakoitzean gogokoen dugun kolorez margotzen.
Horregatik guztiarengatik, “lumatxoa” izatera gonbidatu nahi zaitugu, lan gogor honetan laguntzera, hiru hilerik behin ekarpen txiki bat eginez: 15, 25, 40 edo 60 eurokoa. Hori eginez gero, gainera, kamiseta bat oparituko dizugu. Horretarako, hau besterik ez duzu egin behar: helarazi dizugun folletoa bete, eta guri bidali (ez baduzu jaso, eskatu guri bat).
Eskerrik asko parte hartzeagatik, zure maitasunagatik eta zisheteronormaren aurkako borrokan egin duzun ekarpenagatik.
Kaleetan elkartuko gara!
Ireki Folletoa