Transbollomarikak grebara! B.A.L.A eta Lumagorri elkarteok bat egiten dugu #U30grebaOrokorra-rekin
Begibistakoa da, begiratzen duen edozeinentzako behintzat, arrazoiak soberan ditugula grebara joateko. Botere politiko zein ekonomikoek prekarietatera eta esplotaziora kondenatzen gaituzte, beren eskura dituzten tresna guztiak erabiltzen dituzte lan eta bizi baldintzak etengabe degradatzeko etekin handiagoren mesedetan. Ondo dakigu bizitza duina borrokan eraikitzen dela, eta hala aldarrikatuko dugu U30eko Greba Orokorrean.
Garrantzitsua iruditzen zaigu ere denontzako oldarkorra den testuinguru honetan gogora ekartzea penalizazio etengabeak pairatzen ditugula “normala” omen den horretatik urruntzen garen bakoitzean. Disidentzia sexo-generikoak gorpuzten ditugunoi, familia eredu tradizionala ez erreproduzitzeagatik, praktika sexual ez-normatiboak izateagatik, maitasun eta laguntasun sare ezberdinak eratzeagatik, gure gorputzen forma eta hauek erabiltzeko moduengatik, behin eta berriz zigortzen gaitu jada gure kontra jarrita dagoen sistema batek. Zisheteroarauaren kontra goazen bakoitzean arrisku haundiagoa dugu prekarizazioa eta bazterketa soziala pairatzeko, are gehiago ohikoa den bezala gugan beste hainbat zapalkuntza gurutzatzen direnean.
Baina indarkeria mota guztien aurrean garatu dugun autodefentsan komunitatea sortzen jarraitzen dugu, eta egoera bortitzenei aurre egiten jarraituko dugu bizitza duinaren defentsan. Transbollomarikak beti borrokatu behar izan dugu gure bizitzak benetan bizigarri egiteko, kapitalaren, heteroarauaren eta beste zenbait hondamendiren kontra. Gogoratu behar dugu beti gure historia erresistentzian eraikia dela, zapalduen elkartasunean, eta berriz ere garaia heldu da beste kolektiboekin batera besoz-beso kalera ateratzeko, erasotzen gaituenaren aurrean erresistentzian altxatzeko. Kapitalaren, boteretsuen eta ezabatu nahi gaituzten arau guztien aurrean guk autodefentsa, elkar zaintza eta bizitzaren alde egiten dugu, aldarrikatzen ditugu, defendatuko ditugu gaur eta egunero.