IKUSGUNEk 25 LGTBI+fobia-gertakari antzeman ditu, Araban, azken urtean
Ikusgune- Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak “Gasteizen sexu‑orientazioaren eta genero-identitatearen aurka izandako gertakariei buruzko Txostena” aurkeztu du, zeinak 2019ko maiatza eta 2020ko apirila bitarteko datuak jasotzen baititu. Hemen ikus daiteke.
Denbora-tarte horretan, urtebetez, zenbait gertakariren berri izan du aipatutako behatokiak, eta horiexek dira, hain zuzen, txostenean jasotakoak. Modu horretan, gure hirian eta lurralde historikoan kolektiboa ikusarazteko konpromisoa berritu du. Horretaz gain, ahalegindu da edozein pertsonari erasoak identifikatzeko eta salatzeko aukera emango dion esparru egoki bat sortzeko eta ezartzeko. Izan ere, esparru hori baliagarria egingo zaio gure jendarteak pairatzen duen LGTBI+fobiaren aurka ahalduntzeko eta sentsibilizazioa lortzeko, eta, bide batez, fobia horren euskarri den salaketa-eskasiarekin amaitzeko.
Txostenean 21 kasu jasotzen dira; horietatik, 3 herrialdean gertatutakoak Gasteizko udalerritik kanpo. Hori ere aintzat hartzekoa da, Ikusgunek ahalegin handia egin behar izan baitu bere lana lurralde historiko osoan zabaltzeko.
Erasoa jaso duen pertsonaren sexu- edo genero-identitatearen arabera sailkatu dira gertakariak edo gorabeherak. Horri dagokionez, nabarmentzekoa da kasu gehienak homofobiakoak izan direla, gizonak ikusiagoak direlako espazio publikoan, gayak eta/edo bisexualak izanda ere. Gainerako kasuak gorputz-sentsibilitate desberdinen artean banatuta daude, antzeko proportzioan, lesbianen, transexualen eta GIB+dunen artean (oraindik ere haien kontrako erasoak izaten dira). Genero berekoen arteko 3 indarkeria‑kasu ere egiaztatu dira, halaxe definitzen baitira oraingoz LGTBI+ jendearen arteko erasoak.
Espazio eta leku zehatzak mota askotarikoak dira, baina esanguratsua da lantokian sortutakoak gehiengoa izatea. Horrek erakusten du LGTBI+ jendeak lan-merkatuan sartzeko dituen arazo handiez gain (batez ere transexualek), lantokietako egoerak genero‑adierazpen askea eta garapen afektibo-sexuala eragozten dituela, eta horrek armairura itzultzera behartzeaz gain, muga sozialak dakartzala: ezkutatzea, autoestimu txikia, isolamendua.
Gune publikoak eta aisialdikoak ere jarraitzen dute segurtasunik gabekoak izaten; txostenean jasotako 8 kasuak horren lekuko. Kolektiboaren sentsibilizazio soziala lortzeko ekimenak areagotzeko beharra berretsi da, horrenbestez.
Familia-giroan gertatutako bi kasuek feminismoak egiten duen analisia berresten dute. Izan ere, haren arabera, nahiz eta gehienek kontrakoa uste duten, etxea ez da espazio segurua sexuaren edo generoaren aldetik disidenteak diren pertsonentzat, eta, gainera, adingabeek babesgabetasun handia nozitzen dute.
Harreman sozial ez-birtualetan nagusi den LGTBI+fobia sare sozialen eta app-en ere agertzen da, zeinen erabilpena esponentzialki handitzen ari den. Txostenean egiaztatzen denez, tresna horien erabilerak gora egin duenez, ahalegina egin behar da eremu horietara egokitzeko eta horien gaineko ezagutzan sakontzeko, hantxe ere Ikusguneren funtzioak gehiago ezartze aldera.
Txostenak bere ondorioetan azpimarratzen duenez, beharrezkoa da Ikusguneren webgunerako esteka eta telefonoa sustatzen jarraitzea LGTBI+ kolektiboaren erasoei emandako erantzunarekin zerikusia duten komunikazio guztietan. Egiaztatzen da, halaber, erreferentzia-espazio fisikorik ez izateak asko mugatzen duela Ikusguneren lanaren sustapena. Lokala beharrezkoa da jendarteak hura ezagutu dezan, eta Behatokiak bertan lan egin dezan.
Oso beharrezkotzat jotzen da kanpainetan eta komunikazioetan herritar zisheterosexualengan eragitea, ez baitira aipatuak sentitzen, arauaren eta arauak eragiten dituen bazterketen subjektuak diren arren.
Ikusten da, azkenik, administrazioek LGTBI+ jendearen eskubideak bermatzeko jarraibideak eta mekanismoak artikulatu behar dituztela, beren eskumeneko eremuetan, hala nola lanean, aisian, arlo instituzionalean…