Lumagorri

Euskal Herriko 11 LGTBI kolektibo Estatuko trans legearen alde

Loratuz lotu, Siendo tú, Dekumas, Fenix, Lumagorri, Transkolore, Kattalingorri, EHGAM, Ozen! LGTB, Sare Lesbianista eta Safikak elkarteek Kongresuan eta Senatuan Euskal herritarren ordezkari diren PSE eta PSNko hautetsiei trans kolektiboaren eskaerak babestea eskatzen diete, PSOEren erabakia trans kolektiboaren eskubideen aurkakoa bada boto disziplina apurtzera dei egiten diete.

TRANS PERTSONEN ESKUBIDEAK MURRIZTEN DITUZTEN ZUZENKETEN AURKAKO ADIERAZPENA

Trans legeak oztopo asko saihestu behar izan ditu Madrilgo Diputatuen Kongresuan izapide parlamentarioa hasteko. Lehenik eta behin, trans elkarteek 2021eko maiatzaren 17an proposatzen zuten testuaren tramitazioa baztertu zen. Ondoren, Ministroen Kontseiluak proposamen berri bat egin zuen, hasierako testuarekin alderatuta eskubideen murrizketa argia jasotzen zuena. Geroago, Estatu Kontseiluak hilabeteak behar izan zituen loteslea ez zen nahitaezko txosten bat egiteko, nahiz eta Berdintasun Ministerioak lege hori urgentziaz izapidetu. Azkenik, Legebiltzarreko izapidea hasi da, eta Alderdi Sozialistak behin eta berriz luzatu du, eskuinaren eta ultraeskuinaren babesarekin.

Prozesu honetan guztian, trans pertsonok gure egunerokotasunean indarkeria ugariri aurre egin behar izaten diegu. Transfobia gure bizitza une oro zeharkatzen duen egiturazko indarkeria bat da; bai lanaren, eskolaren, osasunaren, erakundeen eta abarren esparruan. Lege honek, trans bizitzak bizitzea merezi izateko tresna izan nahi du, genero- bitartasunaren aurkako borrokak, edo gure gorputzen gaineko erabakitzeko eskubideak legearen onarpenaren baino haratago baitoa.

Legearen tramitazioak trans pertsonen aurkako indarkeria areagotzea eragin du; astez aste, egunez egun, hazten doan areriotasuna sortuz; iraindu, mespretxatu eta zalantzan jartzen gaituzte. Trans identitateak solasaldien xede dira, non mundu guztiak duen iritzia emateko eskubidea, eta hori gertatzen den bitartean, indarkeria-giroa hazten doa gure aurka. Gezurrez betetako eztabaida ireki da, izen ona kentzeko irrikaz, gizartearen bazterrera aldentzen jarraitzeko irrikaz. Horren aurrean, ezinbestekoa da jarrera irmoa izatea.

Trans kolektiboa eskubideen subjektu gisa aitortzea behar dugu, eta, horrela, indarkeria-giro horri amaiera ematea. Horregatik, legea berehala onartzeko eskatzen dugu, epeak luzatu eta oztopo gehiagorik gabe. Ezinbestean, trans ume eta nerabeei, migratzaileei, eta bitarrak ez diren pertsonei eskubideak eman eta aitortu behar dizkiegu.
Genero-autodeterminazioaren eskubidea inolako mugarik gabe onartzea bermatu behar dugu.

Izan ere, genero-autodeterminazioaren eskubidea Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako legeetan jasota dago.

Une hartan posible izan bazen Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarraren gehiengo politikoak eskubide hori onartzea, zergatik orain ez da horrela?

Egoera horretan, behean sinatzen dugun kolektibook honako hau eskatzen diegu EAEko eta Nafarroako ordezkariei Diputatuen Kongresuan eta Senatuan:

1.- Trans legearen onarpena bultzatzea, atzerapenik gabe eta egoeraren premia kontuan hartuta.

2.- Trans pertsonen eskubideak zabaltzea helburu duten zuzenketak babestea, haien eskubideak edo duintasuna murriztea sustatzen duen oro baztertuz.

3.- Unea iristen denean, EAEko eta Nafarroako diputatuek beren bozkarekin bermatu behar badute legea Parlamentuan oztopatzea edo transei eskubideak murrizten edo mugatzen dizkieten zuzenketak egitea, beren alderdien boto-diziplina hausteko deia egiten dugu, trans kolektiboen eskaerak babestuz.

Azkenik, berariaz gonbidatu nahi ditugu EAEko eta Nafarroako diputatuak eta senatariak, Alderdi Sozialistako ordezkariak,Odón Elorza, Patxi López, María Guijarro, Daniel Senderos, Santos Cerdán, Alfonso Gil, Julia Liberal, José María Oleaga eta Antonio Magdaleno, trans pertsonen eskubideak beste interes batzuen gainetik defendatzeko eta eskaera horiei atxikitzeko.

 

Larunbatean manifestazioa Madrilen

Trans plataformak deituta larunbat honetan, azaroak 12, arratsaldeko 6etan Madrilgo Cibeles plazatik manifestazioa abiatuko dute. Trans legearen tramitazioa aurrera egin eta PSOEk emendakinak erretiratzea eskatuko dute.