Harro!

Irailaren 21ean Manifestazio Orokorra


Irailean, Bilbon, EPOA-k (European Pride Organisers Association), irailaren 19tik 23ra bilera antolatu du, bertan 2022ko Europridearen egoitza zein izango den erabakiko dute. Oraingoan Bilbo ez dago Europridearen hautagaitzan ez badago ere elkarte honek defendatzen duen eredu asimilazionista eta merkantilistari aurre egiteko beharrean gaude.

Neoliberalismoak LGTB borrokarekiko duen estrategia Euskal Herrira osora hedatzen den ibilbide orria da, Pride-aren antolaketak edo nazioarteko egitasmoak horren adierazle dira, baina badira aurrera begira ikus ditzazkegun beste hainbeste ekimen (Hotel Gay-en inaugurazioak, zenbait elkarte “lagunen” hegemonia instituzioetan,…).

Harro! Plataforma osatzen dugun LGTBI+ elkarteok kezkatuta agertzen gara instituzioak, LGTBI+ elkarte batzuen laguntzarekin, inposatzen ari dituzten ekimen hauen aurrean. Gure izena erabiltzen dute; lesbianen izena, maritxuen izena eta trans pertsonena, bazterretatik ateratzea lortu ez duten beste kolektiboekiko aplikatzen diren politika baztertzaileak estaltzeko.

Pridea-ren antolaketaren turismo estrategiak hiria eskaparate hutsetan bihurtzen ditu; alegia, parekidetasun eza, prekarietatea, pobrezia, bazterketa estaltzen duten parke tematikoetan. Beste makroekitaldi bat beraien citymarketing ekintza eta estrategien zerrendarako!

Zer esan kolektibook bizi dugun eta gure borroka historiak bizi duen isilarazpenaz. Moralismo erlijiosoaz edota ezjakintasunaz zipriztindutako boterea beti saiatu da gu desagerrarazten. Orain, limiterik gabeko kapitalismoak merkatu-hobian bihurtzen gaitu eta ez dute zalantzarik ehun milaka euro inbertitzeko GAYfriendly turismoa sustatzeko. Eta Gay esaten dutenean gay maskulino, zis eta txuriari egiten diote erreferentzia, izan ere, euren interesetan ez dutelako lekurik lesbianak, edo %85eko langabezia pairatzen duen trans kolektiboa, ezta errefuxiatuena.

Instituzioek jendarte eta hiri eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista sustatzen duten bitartean, zabalera eta tolerantzia irudia sortzeko LGTB+ kolektiboaz egiten duten erabilera salatzen dugu. Ez dugu prekarizatzen eta gentrifikatzen duen gayfriendly turismoa. Ez gure izenean. Ez dugu onartuko gu marka batean bihurtzea.

Borroka bat onura ekonomiko eta interes politikorako xurgatzeko saiakera ez da berria, ez gure ez beste mugimenduetan ere: feminismoa edo ekologismoa era berdintsuan dira erabiliak konbenientziaz enpresa eta instituzioen aldetik. neoliberalismoaren erasoen aurrean zutik agertzen diren eragile sozial eta kolektiboekin sareak eta aliantzak ehundu nahi ditugu. Asko gara borroka hau norekin txortan egiten dugun edota gure genero adierazpena eta identitateak zeintzuk diren horren inguruan ez doalaz aspaldi ohartu garenak. Aitzitik, borroka hau zapalkuntza sistema desberdinek egozten dizkiguten kokapenen inguruan doa.

Kapitalismoaren fronte guztien aurkako batasunera deitzen dugu. Harrotasuna ez dagoela salgai ozen eta argi entzun dezaten, Irailaren 21ean Bilboko Arriaga Plazatik arratsaldeko 17.30etan aterako den manifestazio orokorrerako deialdia egiten ditugu Euskal herritarrak.