Atxikimenduak

Lumagorrik bat egiten du 11/13 sumarioko auziperatuekin #5akGasteizen

Irten bidera

Ederra da Jon Maiaren mezua, ederrak dira haren hitzak: askatasuna, eskubideak, gure etxea… Baina ez da erraza epaiketa hau bezalako bidegabekeriak salatzea, berriro ere justizia aldarrikatu behar izatea. Zizek filosofo esloveniarrak Siberiara zigortu zuten presoaren historiaren berri eman zigun: lagunak agurtzerakoan, adierazi zien eskutitzak idazten saiatuko zela, baina, zentsuraren beldur, lagunei gaineratu zien kontatzen zuena egia baldin bazen, tinta urdina erabiliko zuela, eta gorria erabiliko zuela kontatutakoa faltsua izanez gero.

Eta, hara non, presoaren lagunek lehenengo eskutitza jaso zuten, tinta urdinez idatzia: Siberian uste baino askoz hobeto zegoela, janaria nahikoa ona zela, lanak ez zirela hain-hain gogorrak, asteburuetan futbolean jokatzeko aukera zutela, igandeetan dantzaldia izaten zutela eta neskak ere joaten zitzaizkiela; baina lagunei gaineratu zien txarrena zela tinta gorririk ez eskura izatea… Hitzak hain gastatuta daudenez, hain nekatuta, mezuak ere gastatuta daude, apenas geratzen zaien esanahirik, salaketek indarra falta dute, balioa galdu dute. Eta hala ere ederra da Jon Maiaren mezua, ederrak dira haren hitzak: askatasuna, eskubideak, gure etxea… Mezu baikorrekin Ez esaten jarraitu beharra dago, bidegabekeriak gaitzesten, epaiketa honi ezetz esaten. Horrexegatik gaude hemen.

Hitz gastatuen eta eskubide zapalduen ustezko demokrazia honetan, norbaitek esan zuen errepublika idealean hiru pertsona mota izango direla ezinbestekoak, hiru pertsonaren artean sortuko eta eraikiko dela errepublika ideala: ~irakasle bat, maistra edo maisu bat, bizitzen irakatsiko diguna. ~sendagile bat, jaiotzen lagunduko diguna, eta bizitzen ez ezik hiltzen ere irakatsiko diguna. ~eta azkenik Ez esaten duen pertsona bat, giza duintasuna aldarrikatuko duena. Horrexegatik gaude hemen, temati, Ezeroso, epaiketa honi Ez esateko, hitza gastatuta eta nekatuta dagoen arren, Jon Maiarenak bezalako hitz baikorrekin, hitz eraikitzaileekin bidegabekeriak salatzeko eta mezu ederrak zabaltzeko, Gasteizko bostekin bat egiteko, Ane, Egoiz, Izaskun, Nagore eta Gorkarekin, elkartasunez, Bai, elkartasunez blai.

Patxi Zubizarreta