ZUEN INTERES KAPITALISTEN AURKA KALEAK HARTZEN JARRAITUKO DUGU!

Ongi etorri Bilbora, turismoaren hiriburura, azken garaiotan LGTB paradisua ere
bilakatu dena. Hiri plurala, tolerantea, anitza. Hiri ready bat. Hauek dira Ortzadar LGTB eta
Bilbao Turismok haien botere eta kapital egarria zilegi bihurtzeko hautatu dituzten hitzak.
Berriro ere, kapitalismoak bere erroetatik antikapitalista den borroka bat beretzeko saiakerak
egin ditu, borroka despolitizatu eta beste marka batean bilakatzeko, kasu honetan turismoa
bitarteko.

Burges hauek, EPOAri (Europako Harrotasun Egunaren Antolatzaileen Elkartea)
alfombra gorri bat jarriz patrika diruz lepo beteko dien aliantza sortzeko asmoa dute haiekin;
nork daki, agian etorkizunean Bilbo ere EUROPRIDEko hautagaitzaren proposamena ez da
oso urrun ibiliko. Jakinaren gainean ez bazeundeten, jakin, negozio honek milioika euro
mugitzen dituela. EZ GAUDE SALGAI!

EUROPRIDEa Bilbon gauzatu ala ez, hiri ireki eta “progre”aren irudia salduko duen
zuriketa honen tresna izatearen aurka gaude. Ikusgai dira, jada, honek dituen ondorioak:
lehenik, bizilagunak baino turistak nahiago dituen hiri batean ematen diren dinamika
gentrifikatzaileak kolektibo xume eta babesgabeenak jotzen ditu. Alokairua zoroki goruntz,
prekarietatea areagotzen, gero eta gordinagoak diren politika baztertzaileak kolektibo
baztertuei eta guzti hau zulo beltz batean ezkutatzen duen ortzadarrez ornitutako kartelak.
Eta guzti hau, gure iria bakandu eta bizitzak prekarizatzen dituzten MTV EMA Awards,
Eurocopa 2020, Final Four Gasteiz edo BilbaoBizkaiaPride bezalako makroebentoak
antolatzeko dagoen joerari jarraikiz. Ez dugu nahi eredu hau, EZ DUGU HIRI
ESKAPARATE BAT NAHI!

BILBAOREADY markoaren barruan, EPOAren asanbladarekin batera, aste honetan
Konferentzia Atlantikoa ospatu da, zeinak, aniztasunaren mozorroa jarriz soilik enpresari eta
instituzioei on egiten dieten identitate politika eskasak gordetzen dituen. Ekimen honetan,
eskubideetaz hitz egiten da benetan hotel gayfriendlyaz eta merkatu hobira subjektu zehatz
bat erakartzearen inguruan hitz egiten denean. Subjektu hau, gizon, gay, zis, zuri, eta batez
ere, burgesa da, zeina kolektiboaren lehen lerroko subjektu errepresentante gisa aurkezten
den. Turismoaren esparrutik eta turismoa sustatzeko egiten den ekimena da, 40 urtez
Euskal Herrian borrokan gabiltzan herri mugimenduetako kide zein kolektibo
transmaribibolloko kideei bizkar emanez gauzatzen dena. ZUEN INTERES KAPITALISTEN
AURKA KALEAK HARTZEN JARRAITUKO DUGU!

Izan ere, guztioi eragiten digu. Donostian L-GAY-TB hotel baten zabalpenaren
bitartez ematen bada turistifikazio masiboa, Gasteizen gure kolektiboen instrumentalizazioa
ematen ari da poliziaren aurpegia zuritzeko helburuz, hain zuzen, gure ahizpa migratuen
atzetik harrapaketan aritzen diren estatu arrazista honetako beharrezko exekutore direnak,
eta neoliberalismoak eragiten duen biolentziaren aurrean altxatzen den edonoren aurka
jotzen dutenak. Kapitalista eta poliziak, gure espazioetatik at!

Horregatik egin dugu Pride ereduaren eta EPOAren bileraren aurkako deialdia.
160 elkarte, talde eta eragile batu zarete gure deialdira. Talde aislatu bat garela
esaten diguten hurrengoan, inor ordezkatzen ez dugula eta eraikitzaileak ez garela esaten
diguten hurrengoan, BilbaoBizkaiaPride eta haren inguruan kokatzen diren komunikabideei
gezurrez betetako ahoak itxiko dizkiegu.

Zuek guztiei esker, indarrez betetako besarkada beroa jaso dugu. Argi geratu zaigu
ez gaudela bakarrik. Badagoela etsai amankomun baten aurrean eta honen aurka sareak
ehuntzen jarraituko dugun etorkizun bat. Mila esker hemen egoteagatik, gu ere zuekin
egongo behar gaituzuenean. Bereziki eskertu nahi dugu metalgintzako intersindikalaren
atxikipena; haiek ere gaur kalera irten dira haien eskubideen aldeko borrokan eta haiekin
egon gara. Argi dugu kapitalaren abusuen aurrean, erantzuna klase elkartasuna dela.
Gaurko babesak, aurrean dugun pantomima hau geratzeko aukerak zabaldu besterik
ez dira egin. Europride ez dadila inoiz gure kaleetara heldu, eta Bilbao Bizkaia Pride-k betiko
utzi ditzala.

EZ GURE IZENEAN. HARRO EZ DA EUROPRIDE, EZ GAUDE SALGAI!