Harro!Harrotasuna

Kapitalismoak bataila guztiak galdu eta guda irabaz dezake

LGTBI kolektiboaren merkantilizazio saiakeraren kontra milaka lagun Bilboko kaleetan zehar mobilizatu ginen larunbatean. Milaka lagunek EPOAren eredu kapitalista gure kaleetan ez duela lekurik ozen esan genion; eta horregatik, hauxe, mugarri bat izan da Euskal Herrietako LGTBI kolektiboarentzako.

Lehenik eta behin Harro! Plataformatik antolatutako manifestazioari babesa eskaini zioten 160 kolektiboei gure esker ona bidali nahi diegu, benetan zirraragarria izan da egunez egun atxikimenduen zerrenda handitzen joaten dela ikusteak. Dudarik gabe aurreikuspen guztiak gainditu ditugu!

Denbora honetan guztian borroka Transbollomarikak hainbat borroka zeharkatzen zituela esan dugunez, horrela islatu nahi izan dugu Bizkaiko metalaren langileekin sortutako aliantzan; eta ideia honekin eragiten jarraitu nahi dugu. Larunbateko mobilizazioa ez bait zen LGTBI pertsonen mobilizazio bat izan, mobilizazio antikapitalista bat baizik, alegia, guztion mobilizazioa.

Gure iritziz, kolektibo ezberdinetan, LGTBI perspektiba izango duen hausnarketa bat abiatzeko momentua heldu da, gure borroketan zisheteropatriarkatuak duen paperaren ingurukoa, soilik (ustezko) zisheterosexualez osaturiko kolektiboek zer nolako papera bete behar duten aztertuz. Hau da, borroka guztien (eta guztietatik) etorkizunari buruzko eztabaida irekitzeko unea dela uste dugu.

Larunbateko manifestazio arrakastatsuak, sortutako eztabaidek edota ehundutako aliantzek ez diezaotela utzi erne egoteari, kapitalismoak bataila guztiak galdu eta guda irabaz ditzakeelako. Hausnartuz eta bide orri berriak marraztuz, borrokan jarraitu behar dugu, eta horretan jarraituko dugu Harro! osatzen dugun elkarteok. Asko geratzen da egiteke, baina gero eta lagun gehiago gara.

Zorionak lortutakoagatik eta jarrai dezagun bidea egiten!