Agerraldi bateratua egin dugu Sorginenea-Tu casa feminista eta Lumagorri elkarteak udalaren murrizketak salatzeko
Gaur Gasteizko Udal Zerbitzuko bi egitasmo estrategikoak, Sorginenea-Tu Casa Feminista eta Lumagorriren LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia, hedabideen aurrean azaldu gara. Agerpen honen arrazoia hau da: elkarrekin eta jendaurrean salatu nahi dugu bi egitasmoen bideraezintasuna, baldin eta Gasteizko Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak onartzen badira.
Aurrekontuen elaborazio fasean, erakunde biok 2020. urterako gastuen balioespena aurkeztu genuen, 130.000€koa (Sorginenea) eta 70.000€koa (Behatokia). Bi proiektuetan aurrekontu-sailaren atal handiena langileen soldatak ordaintzeko da. Bi kasuetan hitzarmena aurten sinatu da, egitasmoa abian jartzeko helburuarekin eta 6 hilabeteko aldirako gutxi gorabehera, Sorginenearen aurrekontua 90.000€ eta Behatokiarena 30.000€ izanik.
Gorka Urtaran alkateak eta Maider Etxeberria alkateordeak aurkeztutako aurrekontu-proiektuan, 2019ko aurrekontu biak bere horretan uzten dituzte. Hau da, 6 hilabetetarako aurrekontuak zirenak 12 hilabetetarako izango dira. Beraz, Sorginenea-Tu Casa Feministaren kasuan %30era murrizten da aurrekontua, eta LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren kasuan %60ra.
Biak hiri proiektu estrategikoak dira, prozesu luzeen ondorioz sortuak eta mugimendu feminista eta LGTBI+ren aldarrien emaitza. Izaera horrekin aurkeztu ziren aurreko legealdiko zenbait ekitaldi eta batzarretan; aurten ere, Gasteizko Udalak uztaileko mozioan ahobatez onartu zuen bi egitasmoak sendotzeko eta bermatzeko baliabide nahikoak jarriko zituela.
Baina errealitatea bestelakoa da, eta aurreko legealdiaren bukaeran martxan jarri zena hiltzen uzte dute legealdi honetan. Argazkia atera eta proiektua saldu ondoren, EAJ-PSEk osatutako Udal gobernuak proiektuen finkatzea eragozten du eta bideragarritasuna oztopatu. Azpijoko hori baliogabetu ezean, zuriketa more (purplewashing) eta zuriketa arrosa (pinkwashing) deitu genezake.
Pasa den azaroaren 25ean mugimendu feminista kalera atera zen dena esanda eta dena egiteke dagoela esateko. Egun horretan, berriro ere, Udalak ohiko adierazpen instituzionala egin zuen eta mugimendu feministak antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin zuen. Hala ere, gertakariek erakusten digute Udal gobernua argazkirako prest dagoela; ez ordea, matxismoaren eta LGTBI+fobiaren aurkako borrokarako baliabideak esleitzeko.
Bai Sorginenea-Tu Casa Feminista bai LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia funtsezko proiektuak dira jabekuntza feministarako eta eraso sexisten aurkako borrokarako, hiriari balioa gehitzen diotenak, justizia sozialaren eta giza eskubideen politikei dagokienez. Beraz, ezin dira alderdien arteko kromo-trukerako erabili. Gasteizko Udal gobernuak bi proiektuen funtsezko garrantzia aitortu eta errespetatu behar du. Horregatik, bi proiektuen balioa aitortzea eta beharrezko baliabideak eskaintzea eskatzen dugu, baita haien bideragarritasuna eta finkapena bermatzea ere, aurtengo uztaileko osoko bilkuran aho batez onartutako mozioan jasotzen den bezala.