Gasteizko LGTBI+ BehatokiaLumagorri

Aurreko legegintzaldian martxan jarritako LGTBI+ politiketarako aurrekontuak murriztu nahi ditu Gasteizko Udalak.

Maiatzean, Gasteizko Udalak eta Lumagorri elkarteak LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia martxan jartzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu genuen, 2017az geroztik, gorroto-delituen aurka, udalarekin elkarlanaren lanaren formalizazioa suposatzen zuen hitzarmenaren sinadura.

Udalak LGTBI+fobiaren aurkako borrokan duen konpromisoa behin eta berriz berretsi du, bai Gorka Urtaran alkateak egindako adierazpenetan, bai osoko bilkuran onartutako mozioen bitartez. Azkenengoa legengitzaldi honetan onartu berri da, eta honakoa eskatzen zion udal gobernuari “Sorginenea-Emakumeen Etxea eta LGTBI+fobiaren aurkako behatokiaren jarraitutasuna bermatuko dituzten beharrezko baliabideetaz hornitzea”.

LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia martxan jartzeko Udalak emandako aurrekontua 30.000 eurokoa izan zen 2019an, 6 hilabeterako, Behatokia ekainean hasi baitzen funtzionatzen. 2020rako haunditu behar zuten aurrekontua, urte erdi izatetik urte oso batera igarotzean. Hala ere, aste honetan, aurrekontuen proiektuaren aurkezpenean, Gobernuak 2019ko (30.000 euro) aurrekontu-partida bera mantendu duela ikusten dugu, proiektua urte oso bat betetzeko kalkulatutako 70.000 €-ko aurrekontua kontutan hartu beharrean.

Egoera horrek bideraezina bihurtzen du LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren etorkizuna Gasteizko Udalarekin lankidetzan.

Lumagorritik, LGTBI+fobiaren aurkako borrokan bi irizpide oso argi izan ditugu: baliabide ekonomikoez eta giza baliabideez hornitzea, eta horretarako borondate politikoa izatea. Behatokiaren funtzionamenduak 2020rako aurreikusitako aurrekontuaren %50etik gorako murrizketak agerian uzten du EAJ-PSEren Gobernuak, LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan, duen borondate politiko eskasa. Azken hilabeteetan entzundako adierazpenak ez badira baliabideetan bihurtzen, Gasteizko Udalaren pinkwashing edo garbiketa arrosa operazio baten aurrean egongo ginateke.

Egoera horren aurrean, Lumagorritik Gorka Urtaran alkatearekin bilera bat eskatu dugu, baita oposizioko taldeekin ere, proiektua azaldu eta hiri honetako LGTBI+ politiketan egin nahi diren murrizketak eteteko intentzioarekin.

Lumagorriren ustez 2017an Gasteizko Udalarekin batera, gorroto delituen aurkako borrokan, hasitako bidera bueltatzeko aukerak daude oraindik. Azken hilabeteetan LGTBI+ kolektiboaren kontrako erasoak gora egin dute Araban, beste udalerri batzuetako behatokiek iragarritako goranzko joera berresten dute jasotako datuek.

Lumagorrin argi daukagu, ez gaude marketing arrosarekin laguntzeko prest. Gay, lesbiana eta trans pertsonen giza eskubideen defentsak ezin du merkadeo politikorako izan. Borroka honetan konpromisoen ordua iritsi eta indarrak batzeko unea heldu da.