Lumagorri

Normaltasun berri LGTBI+fobikoaren aurka lagungarri ditugu gure desira subertsiboak

1990eko maiatzaren 17an MOEk buruko gaitzen zerrendatik homosexualitatea ateratzea erabaki zuen. Ordurako baziren bost urte baino gehiago marika, bollera eta transexual askok gure lagun, maitale eta kideei lur ematen hasiak gintzaizkiela.

COVID-19aren pandemiak sortu duen egoera berezia kontuan hartuta, aurtengo maiatzaren 17an konfinamenduak eta normaltasun berria delakora eramango omen gaituen deskonfinamendu faseek zisheteroaraua betetzen ez duten gorputzetan duten eragina salatu behar dugu.

Feminismoak irakatsi digu etxe familiarra gune seguruaren kontrakoa dela, leku itxia eta estua den heinean zigorgabetasuna izaten baita nagusi bertan gertatzen diren hainbat irain, eraso, bortxaketa eta hilketa matxistatan. Gazte eta nerabe asko, gisakoekin sozializatu ezinik eta haien genero-identitatea eta desirak aske adieraztea ukatzen dien inguru familiarrean bizitzera beharturik, isiltasunera eta isolamendura kondenatu ditu konfinamenduak. Beste batzuk, senide nagusiei zaintzak ematera etxe familiarrera itzultzera behartuta, aspalditik ahaztuta zuten armairura ere itzultzera behartuta egon dira. Ohikoa izaten denez, lan-prekaritateak eragin handiagoa izan du oraingoan ere lagun behartsuenengan, esaterako, marika migranteengan, bollera arrazializatuengan edota sexu-lana diru iturri bakarra duten transengan. Aurreko lagun guztiak (des)konfinamenduak babesgabetasun hutsean utzi eta gizarte-bazterkeria ankerrenera kondenatu ditu.

Normaltasun berria delakora eramango omen gaituzten deskonfinamendu faseak zehaztean ahaztu izan dituzten lagun guztien artean harreman sexual edo afektibo ez zisheteroarautuak dituztenak egoteari esanguratsu deritzogu oso. Urruntze fisikoa etorkizuna sustatuko duen bizi-paradigma garrantzitsuenetakoa izango den heinean, familia zisheterosexualaren prototipotik kanpo dauden harreman eta praktika sexual eta afektiboak berriro ere ahaztu, isilarazi eta arbuiatuko direlakoan gaude.

Normaltasun berria delakoan LGTBI+fobiak hartuko duen aurpegi berrietakoa dugu konfinamendu eta deskonfinamendu osotik haratago iraungo duen ahanztura.

Eta lehengo normaltasuna zeharo LGTBI+fobikoa zela jabeturik, zer nolako bizierak eta bizimoduak ekarriko al dizkigu normaltasun berria delakoak?

Zein parametrotan kudeatu ahal izango dugu urruntze soziala?

Nolakoak izango al dira etorkizunean musuak, laztanak eta besarkadak?

Nori eman ahal izango diogu laztan edo musu?

5G gailuak erabiltzera mugatuko al dira sexu harreman esporadikoak edo aldizkakoak?

Galdera hauen erantzunak apurka-apurka ari dira agerira ateratzen eta zantzu guztien arabera etorkizunak zoritxarrez iraganak baino aurpegi zisheteronormatiboagoa izango duelakoan gaude, beraz, normaltasun berria sostengatuko duen arau zisheterosexualari atsedenik eman ez eta borroka egin beharko diogu etengabe, egunero maiatzaren 17a balitz bezala. Eta gogoratu dezagun borroka horretan erabat lagungarri izango ditugula gure ezkutuko arma astunak, gure desira subertsiboak, hain zuzen ere.