Gaur 13:00etan «Kapitalaren neurrien kontra, bizitzak defendatu» elkarretaratzea
Datorren larunbatean, azaroaren 7an, 13:00etatik aurrera elkarretaratzea deitu dute Andra Mari Zuriaren enparantzan hainbat kolektibok “Kapitalaren neurrien kontra, bizitzak defendatu” lelopean. Lumagorrik bere ikusmolde propiotik egitasmo honek plazaratu dituen hamar aldarrikapenei buruz egina duen irakurketa elkarbanatzen dugu hurrengo lerroetan:
1.- Zerbitzu publikoak indartu. Osasuna, hezkuntza, zaintza… baliabidez hornitu!
Kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak. Osasunaren pribatizazioaren kontra, baliabide guztiak zerbitzu publikoen esku. Osasuna ez da negozio bat.
Eskola pribatuari eta kontzertatuari dirulaguntzen bukaera; bazterketen sortzaile eta klasista delako. Euskal eskola publikoa eta inklusiboaren alde.
Zaintzak burutzen dituzten pertsonen aitortza eta euren lan eta soldatak duin egin.
2.- Biltzeko eta antolatzeko eskubideak bermatu.
Borrokarako antolakuntza ezinbestekoa da jendarte kritiko batean, biltzeko eta antolatzeko eskubideak utziezinak dira. Gaztetxe eta gune okupatu guztien desalojo prozesuak gelditu eta itxiak izan direnak berehala ireki.
Segurtasun neurriak mantenduz biltzeko eskubidea bermatu ahal izateko udal espazio guztiak elkarte eta kolektiboen esku uztea inolako ordainketarik egin gabe.
3.- Bizitzeko oinarrizkoak diren baliabideak bermatu: ura, argia, elikadura, gasa eta etxea.
Pandemiak sortzen dituen beharrak asetzeaz aparte oinarrizko errenta unibertsala ezarri behar da.
4.- Etxegabetzeak, alokairuak eta hipotekak bertan behera gelditu.
Etxebizitzak hutsik dituzten jabeak zigortu. Gehiegizko alokairuak debekatu.
5.- Lan baldintza duinak bermatu.
Baita sexu-langileentzako ere, euren egoeraren erregularizazioa, jazarpenaren amaiera eta oinarrizko errekurtsoei sarbidea.
6.- Zaintza integral, indibidual zein kolektiboari heldu.
Zaintzak bere osotasunean, ez bakarrik haurrak edo pertsona nagusien zaintza. Guztiok gara elkarren menpekoak dugun adina edo gaitasunetaz aparte. Guztiok daukagu zainduak izateko eskubidea.
LGTB pertsona askorentzat harreman sozialak ezinbestekoak dira, erregimen heteronormatibo bati aurre egin ahal izateko, beraz, harreman hauek zaintza modu bat ere badira, berdin aisialdi guneetan ematen dela, cruisinean, kalean edota harremantzeko edozein lekutan.
Disidentzia sexo-generikoarentzat jendetasuna parametro cisheteronormatiboetatik at errealizatzeko oinarrizkoa da.
7.- Isolamenduak dakarren indarkeria matxista eta LGTBIfobikoari aurre egiteko baliabideak ezarri.
Familia edo “elkarbizitza unitatea” deiturikoa emakume eta LGTBI pertsonentzat kontrako espazioak izan daitezke.
Familia da cisheternormatibitatea eta matxismoa iraunarazteko espazioa, horregatik harremantzeko beste espazio batzuk bermatu behar dira.
8.- Pertsona guztien erregularizazioa bermatu. Atzerritartasun legea baliogabetu betiko.
Harrotasuna muga eta arrazakeriarik gabe
9.- Erantzunkizun eta ardura politikoak hartu. Kriminalizazioa eten.
Operazio polizial arrazista eta xenofoboetatik eratorriko prozesu guztiak etetea.
Ez daude kolektibo arduragabeak, baizik eta portaera arduragabeak. Lan pedagogiko bat egin behar da, inoiz ez errepresiboa.
10. Kontrol polizial eta soziala bertan behera utzi.
Bizi dugun krisiak poliziaren baliagarritasuna agerian utzi du, baita egun indarrean dagoen eredu polizialarena. Jendartearen paradigma aldatu behar dugu poliziaren disoluzioruntz urratsak emateko, poliziaren “segurtasun” lana birplanteatu eta honi eskeintzen zaizkion baliabideak zerbitzu sozialetarako erabili.
Hau guztia dela eta, datorren larunbatean, hilaren 7an 13:00etan Andra Mari Zuriaren enparantzan deituta dagoen mobilizazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.