LGTBI+ lagunek harremanak eta sareak sendotzeko ere erabili ahalko dute Ikusguneko 633 309 653 telefonoa konfinamendu garaian
Ikusgune-Vitoria-Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak udalerrian gertatzen diren eraso LGTBI+fobikoen berri izan eta hauek jasotzen dituzten lagunei lagundu ahal izateko zenbait tresna abiarazi zuen sortu izan zenean, besteak beste, 633 309 653 telefono zenbakia, honi lotutako WhatsApp eta Telegrameko kontuak eta www.ikusgune.eus web orria. COVID-19ko pandemiaren ondorioz egun bizi dugun egoera dela medio telefonoaren bestaldean entzuteko prest dagoen LGTBI+ lagun batekin hitz egiteko beharra duten lagunei ere zuzenduta egongo dira tresna horiek, LGTBI+fobia pairatu ez badute ere.
Etxean giltzaperatuta hilabete bat eta erdi bete dugu berriki. Denbora luze honetan konfinamenduak izan duen eragina gero eta nabariagoa da gure gorputzetan. Hala ere, guztiok makaldu gaituen arren, ahuldadea ez da berdin azaleratzen gorputz guztietan.
Konfinamenduaren luzera eta baldintza berdinetan ahuldade maila ezberdinak eragiten dituen aldagaia da klase soziala, baina ez bakarra. Badaude guztiok jasaten ari garen itxialdiaz gain beste bat ere jasaten ari direnak. Pertsona asko moralak ezarritako ereduak bakartzat hartzen ari omen dira egunotan eta ondorioz gizarteak ez ikusiarena egiten die bestelako desira eta afektuei, kasu askotan etxebizitza berean eta parez pare izanda ere. Konfinamendu neurriek behartuta LGTBI+ lagun askok familiako etxebizitzara itzuli behar izan duten heinean armairura ere itzuli behar izan dute.
Juan Carlos Erregea Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea eta Madrilgo Complutense Unibertsitatea burutzen ari diren Estatu espainolean COVID-19aren ondoriozko alerta-egoeraren eragin psikosozialak LGTBQA+ biztanleengan ikerketan jaso diren datuen arabera lan egiten zuten LGTBI+ lagunen %20a lan gabe dago behin betiko edo aldi baterako, familiako etxebizitzara itzuli behar izan dutenen %60ak baino gehiagok etxekoek arbuiatu eta baztertzen dutela sumatzen du eta alerta-egoera hasi baino lehen zituen harreman estuen artean etendurak egon dira ikerketan esku hartu dutenen %11ren kasuan. Ikerketan kezka larri sortzen diguten beste zenbait konklusio jasotzen dira, LGTTBI+ lagunen %6ak norbaitentzat zama bat dela uste du eta aldarte depresiboa dauka edo %15ak babes-sarerik edo laguntza eske norengana jo ez duela esaten du, esaterako.
Zisheteroarauak gizartean inposatzen dituen debeku eta betebeharrak LGTBI+ lagunek bizi-baldintza duinak izateko oztopo erraldoia izan ohi badira, konfinamenduak hauengan efektu askozaz ere kaltegarri eta handiagoak sortu dituela agerian jartzen dute aipatu ikerketaren konklusioek.
Ez dira berriak egunez egun edonorentzat arruntak izan beharko ziren egoeretan ekintza arruntak gauzatzeko aurkitzen ditugun tupustarriak, besteak beste. GIBa duten lagunek eta adinekoek osasun zerbitzuak erabiltzeko topatu ohi dituzten zailtasunak, aski ezagunak ditugun lan prekaritatea eta bizi baldintza eskasak, bizitzako zenbait esparrutan familiak edo gizarteak inposatzen digun armairuratzea, egoera askotan pairatu behar ditugun irain eta bazterketa arrazistak, ikusezinak izango bagina bezala edo zuzenean existituko ez bagina bezala sentiarazten digun kapazitismoa edo trantsizioa burutzeko hasten ditugun tratamenduak aurrera emateko askotan jartzen zaizkigun oztopoak. Gure bidean egon dira beti baina gaurko zirkunstantzietan, COVID-19aren pandemia eta konfinamendua medio, askoz ahulago eta posizio arriskutsuan uzten gaituzte. Egunotan berton jaiotako herritar zuri, hetero, payo eta funtzionalen bizimodu uniformeak sortzen dituen kezkek bakarrik oihartzuna izateak komunikabide nagusietan beste errealitate eta bizimodu ugari isilarazten ari direla agerian uzten du.
LGTBI+ garen hauek bortizkeriari, inkisizioari, etsaitasunari, matxismoari, triangelu arrosak jartzen zizkigutenei, HIESari, etengabeko oldarrei, mota guztietako erasoei eta agerikoak izatea debekatzen zigutenei aurrez aurre aurpegi emanez eraiki dugu gure historia, beraz, baita gure bizitzak ere. Ibilbide kolektiboa jokaleku erabat bortitz eta gogorretan halabeharrez garatu behar izan badugu ere, zaintza eta babes sareak jostea oinarrizkotzat izan dugu une oro eta hau da ziur aski zutik jarraitzearen arrazoietakoa, baita garai arraro eta aztoratu hauetan zutik mantenduko gaituztenetakoa ere.
Alerta-egoeran eta ezarritako norberaren bakartzean bai antzina sortutako sareak berreskuratu eta birplanteatzea bai berriak jostea ezinbesteko egitekoa daukagula deritzogunez, oraindik orain sortu berri diren zaintza sare herritarrak txalotu behar ditugu. Beraz, bai aipatutako ikerketa eta bai egunero gertutik ikusten ditugun errealitateak kontuan harturik, pertsonen behar afektiboak ere erdigunean jarri eta LGTBI+ lagunon arteko babes-sarerik ez dagoenetan sortzea hil edo bizikoa dela uste dugunez, Ikusgune-Vitoria-Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren 633 309 653 telefono zenbakia eta www.ikusgune.eus web orria helburu honen zerbitzura jartzeko erabakia hartu dugu.