Gasteizko LGTBI+ Behatokia

Cruising eremuetan, beste baten etxean edo etxe propioan ematen diren hitzorduetan eta ligatzeko aplikazioetan segurtasuna sustatzeko liburuxka argitaratu du IKUSGUNEk

Gure bizitzaren egunerokotasunean ematen ziren ohitura batzuk aldatu ditu Covid-19aren pandemiak. Aisialdi establezimendu batzuk konfinamendu eta segurtasun neurriak direla eta itxi behar izan dute. LGTBI+ pertsonok hauetako batzuk erabiltzen genituen gure artean harremantzeko eta harreman sexu-afektiboak bilatzeko.

Gaur publikatzen dugun liburuxkak oso publiko zabala du, aipatzen ditugun ekintzen tokiak ere oso anitzak dira, hau dela eta harreman sexu-afektiboak bilatzen diren tokietan eragina izan nahi dugu.

Cruising eremuak gay edo gizon bisexualak erabiltzen dituzte batipat, etxeetan geratzea edo ligatzeko aplikazioak ordea publiko zabalagoa dute LGTBI+ pertsonen artean.

Konfinamentu garaian ligatzeko aplikazioen erabilpenak gora egin zuela nabaritu genuen. Deseskalatze prozesuan, beste aukera batzuen gabezia dela eta, cruising espazioak aukera bat bihur daitezke pertsona askorentzat. Ikusgune. LGTBI+fobiaren kontrako behatokitik ligatzeko espazio sanoak, gune hauetan arduraz jokatzea eta zaintza propioa zein kolektiboa sustatu nahi dugu.

Publikatu berri dugun “Zaindu zaitez” gida honetan cruising eremuetan eta ligatzeko aplikazioetan, gure etxera eta beste norbaiterenera joaten garenean edo sexu harremanak ditugunean, egoera desatseginak ekiditzeko kontutan hartu beharreko gomendio batzuk proposatzen ditugu. Liburuxkan ere ingurunearekiko errespetua kontutan hartzen da ere.

Liburuxka honek, Gasteizko Udala eta Ikusgunek duela gutxi aurkeztutako Gasteizen sexu‑orientazioaren eta genero-identitatearen aurka izandako gertakariei buruzko III. Txostena (2019ko maiatzetik-2020ko apirilera) kontutan izan du, eta horrela dio:

Jendea ezagutzeko edo sexu-topaketak bilatzeko sare sozialak eta aplikazioak erabiltzeari buruzko kanpaina espezifikoak egitea. Gaur egun, pertsona askok oraindik ez dakite nola batzuek erabiltzen dituzten horrelako teknologiak estortsioa eta xantaia bilatzeko. Kontaktatzeko modalitate berri samarra denez, oraindik ere jokabideen gabezia handia dago espazio horietan LGTBI+ jendearen aldetik (baita biztanleria osoaren aldetik ere), eta, beraz, ezagutza horretan sakontzea eta zabaltzea egungo premia da, alde batera uzterik ez dagoena.”

Txostenean jaso ditugun gertakarien datuen arabera jazarpena eta irainak dira gehien errepikatzen diren erasoak sare sozial eta ligatzeko aplikazioetan, hauek dira hain zuzen LGTBI+ kolektiboarentzat gunerik erasokorrak.

Azkenik, web gunean liburuxka hau eta LGTBI+fobiari aurre egiteko beste hainbeste publikazio dituzuela gogorarazten dizuegu.